Web gune honek, zerbitzu hobeagoa eskaini nahirik, berezkoak eta hirugarrengoen cookie-ak erabiltzen ditu. Informazio gehiago gure Cookie Politikan aurki dezakezu.
Itxi

Olinpotik lokatzera? 2015/01/21

Koikili juan 02

Nire kontuekin hasi aurretik, bidezkoa iruditzen zait agur bero bat ematea Anbotoko irakurle guztiei, izan ere gaurkoa estreinaldia izango da kolaboratzaile bezala. Zazpi asterik behin hemen izango nauzue nire burutazioak, kontakizunak eta hausnarketak konpartitzen. Beraz, ongi etorriak espazio zahar “berri” honetara.

Eta hasteko zer hobeago azken bolada honetan gertatukoei buruz idaztea baino?

Askok jakingo duzuenez, 19 urte eta gero Otxandioko Vulcano futbol taldera itzuli naiz eta bertan sekulako sorpresa hartu dut. Ilusio eta gaitasunez jositako jendearekin bat egiteaz gain, futbol profesionaletik afizionaturako jauzia kolpetik gauzatu dut, hainbat lagunen harridurarako.

Oraindik sasoiz ikusten nauten arren, futbol profesionalak jendeak uste baino traba gehiago dituela gogoratzen diet, baina zaila da ulertua izatea, arrakasta sozial eta ekonomikoak dena estali ohi duelako. Izan ere kirolari profesionala “haragi merkatuaren” menpe bizi da. Horretaz 19 urte nituela ohartu nintzen, oraindik afizionatua izanda. Lesio bat tarteko, “biltegira” pasa eta talde nahiz fitxa gabe gelditu nintzen. Hortik aurrerakoak ez dira erronka makalagoak izan, baina behintzat banekien mundu horretako arauak zeintzuk ziren.

Urteotan, interesez zipriztindutako mundu horretan ibilita, lokatzerako jauzia egitea lagungarria, beharrezkoa eta oso motibantea suertatu zait, herrikideekin gozatu eta elkarri laguntzeak ez baitauka preziorik. Are gehiago, guretzat, Vulcanorentzat eta herriarentzat zerbait inportantea egiteko gai bagara!

Beraz, non dago Olinpoa? Zeruan ala lurrean?